Historia

Zaila da gogoratzea nola hasi zuen bere ibilera Alejandro Echevarria (BGAE edo bahitetxea) erakundeak, geure burura etorri gabe beste hitz hauek: Daimler, Mercedes, Mevosa, Imosa, Inauto, DKV, eta abar.

Gure BGAEaren (borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundea) historia, izan ere, enpresa horiei lotuta doa. Ezin saihestuzkoa da 50 urte baino gehiagoan hainbat eta hainbat langileren bigarren etxea izan diren horien izenak aipatzea.

Horregatik, garrantzizkoa da enpresa horietako langile horiei gure esker ona agertzea, gure BGAEa posible egin dutelako; eta haiei eskertzekoa da, orobat, orain konta dezakegun historia hau izatea.

Beharbada, gure BGAEaren izena, Alejandro Echevarria, ez da ezaguna izango Ehariko enpresaren eremu geografikotik haratago. Hala ere, ez dio axola; izan ere, beti esan ahal izango dugu “dekauve” enpresako langileen BGAEa dela; edo, belaunaldi berrien bertsioan, “mercedes” enpresako langileena. Eta enpresa hau sobera da ezaguna gure probintziaren barruan nahiz kanpoan.

Alejandro Echevarria bahitetxea 1964an sortu zen. Imosako zuzendari nagusi Alejandro Echevarria Zorrozua jaunarengandik jaso zuen izen hori. Izan ere, hark bultzatu zuen gizarte aurreikuspeneko bahitetxearen sorrera. Gero, 1980. urtean, izena aldaturik, gizarte aurreikuspeneko mutualitate bihurtu zen. Eta geroago, 1985ean, izen hau hartu zuen: Alejandro Echevarria borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundea. Eta izen horri eusten dio gaur egun ere.

Bahitetxea ere deitzen dioten honen xedeak, La Fontaineren Txitxarra eta inurria fabula ospetsuko ideia bera du oinarri. Pentsamolde horixe da, oraindik ere, gaur egungo BGAEaren xedea: hilabetez hilabete aurreztea, erretiroko pentsioak osatzearren.

30 urtez, Alejandro Echevarria bahitetxeak bete zuen sorrerako zeregina: bazkideen pentsioak osatzea. Era berean, bazkideen soldatak osatzen zituen, laneko aldi baterako bajen aldian. Hori guztia posible izan zen bazkideek eginiko ekarpenei esker eta babesleek enpresek eginiko ekarpenei esker.

Hasieran, diru sarrerak besterik ez zen, ia ez zen gasturik. Beraz, era guztietako prestazioak onartzen zituzten: zuren pentsio urriak urtero handitzea; alargunei pentsio oparoak esleitzea; gaixoaldietarako edo istripuetatik sendatzeko aldietarako osagarriak; premialdi berezietarako prestazioak; eta abar.

Dena dela, egin ziren lehenengo azterlan aktualetatik, agerian jarri zen bazela defizit bat, eta defizit hori urtez urte handituz joan zen, estatutuetan zehaztutako prestazioak ematen ziren eran. Azterlan aktuarial horiek gomendatzen zuten ekarpenak handitzea eta/edo prestazioak gutxitzea, eta pentsioak ez handitzea (handitu egiten baitzituzten aldian aldian; batzuetan, urtero).

Ekonomia prekarioko egora horren ondorioz, Alejandro Echevarria bahitetxeak larrialdiko konponbideak bilatu behar izan zituen. Izan ere, ekonomia arazoaz gainera, Eusko Jaurlaritzak aurreikuspen planen mota horretarako ezarritako legedia berria bete behar zen. Horrek guztiak kudeaketa sistema berri bat eskatzen zuen. Bahitetxean berregituratze prozesu sakona ekarri zuen; 1994ko ekainean bukatu zen berregituratze hura.

Orduz geroztik BGAEak zuzentzen dituen araudi berri horrek, ekarpenen eta prestazioen sistema arautu zuen. Gure bahitetxea aldatu egin zen, argi eta garbi bereizitako araubide eta orientazioak dituzten bi talde sortuta.

Talde bat prestazio zehaztukoa da: talde horretakoak dira 1994 06 11 baino lehen pasibo egoeran ziren langileak eta lehengoratzeagatik geroztik onuradun direnak. Horiek bizi arteko errenta jasotzen dute, uneraino den ondarearen ondoriotzat, eta horien kudeaketatik lortutako finantza emaitzen ondoriotzat.

Beste taldea, ekarpen zehaztukoa da, eta horkoak dira 1994 06 11n aktibo ziren bazkideak eta geroztik enpresara lan kontratu finkoarekin sartu direnentzat. Talde horretarako, ekarpen batzuk ezarri dira, eta ekarpen horietatik nahiz ekarpenen kudeaketaren finantza emaitzetatik sortzen dira prestazioak. Talde horretako bazkide bakoitza banku kontu baten jabe da: kontu horretan sartzen dira ekarpen propioak eta enpresarenak, eta kopuru horiek kontuaren titularrarengana edo haren legezko jaraunsle edo onuradunengana baizik ezin dira itzuli.

Berebat, aipatzekoa da oraingo estatutuetan jasota dagoela etorkizuneko plan bat, ahalbidetuko duena nolabait ere ordaintzea, ahal den neurrian, bahitetxeko bazkide ziren batzuek izandako babesgabetasuna, 1994ko berregituratzearen ondoren aktibo baitzeuden, eta galdu egin baitzituzten aurrez egindako eskubide eta ekarpenak.

Orain, une onean dugu gure BGAEa, eta ekonomia planak aski normalizatuta eta ikuskatuta ditu, kide direnen sarrerak eta prestazioak bermatuta izan daitezen, gaur egungo azterlan aktuarialek erakusten dutenez.

Ikusi ahal izan duzuen gisan, aurreko bahitetxeak eta gaur egungo BGAEak une hobeak eta okerragoak bizi izan dituzte; baina iraun izanaren arrazoia, bidean aurkitu dituzten arazoak konponduz joan izana da.

Horregatik, Gobernu Batzarrak, eguneroko gaiak lantzen jarraitzeaz gain, Informazioaren Teknologia Berriak erabiltzea pentsatu du, BGAEa kide guztiengana hurbiltzeko eta horren kudeaketa eskuraerrazago eta gardenago izan dadin. Era berean, gaurtik aurrera webgune honen bitartez erabilgarri izango dituzun tresnak (informazio ekonomikoa, inprimakiak, galde erantzunak, eta abar) zuen gustukoak izan daitezen saiatzen ari gara, bai eta tresnok zuen eta BGAEaren arteko harremanetik sor daitezkeen izapideak, argibide eskaerak eta beharrak erraz ditzaten ere.

Irakurri duzuena gustuko izango duzuelakoan.

Agur bero bat,

Gobernu Batzarra.